Oskar Prieto, Amaia Madariaga, Iñaki Rubio eta Iñaki Pikabea: “Pintxoak, koktelak, perretxikoak eta postreak”

Sukaldaritza ikastaroa 9

Sukaldaritza ikastaroa 9 (errezeta liburuxka 2 €)

Argazkiak


Oskar Prieto

Oskar Prieto

Oskar Prieto Caballero naiz, 33 urteko basauriarra. Orain dela urte bat Lemoan bizi naiz neskalaguna, txakurra eta huron batekin. Leioako Ostalaritza Eskolan burutu nituen ikasketak, duela 10 urte. Lezaman, Artxandan, Zornotzan, Bilbon eta beste zenbait tokitan ibili ondoren, orain Basauriko Batzokiko sukaldariburu nauzue. Oraindik ez dakit euskaraz ondo, baina gogoz aritzen naiz hori aldatzeko: lagunduko al didazue?


Amaia Madariaga

Amaia Madariaga

Amaia Madariaga naiz, galdakaoztarra, baina orain dela gutxi Mungiara joan naiz bizitzen. Ostalaritzako profesionala naiz, hamar urtean hotel eta taberna handienetan ibilitakoa. Lanbide honen barruko beste zeregin batzuk ere burutzen ditut, kudeaketa eta zuzendaritza lanak bereziki. Une honetan Erletxetan dagoen Dani jatetxeko sukaldaria naiz. Horretaz gain, edari industriarako lan asko burutzen ditut, koktel errezeta ikertzaile gisa. Bestetik, Bilboko Erakusketa Azokan koktel erakustaldiak ere egin ditut. Izan ere, 1995. urtean Galdakaoko Ostalaritza Eskolan ikasketak bukatu nituenetik koktelen munduan hainbat sari garrantzitsu irabazi ditut. Ondo pasa dezazuen nahi dut eta amaitu ondoren, koktelen inguruko garrantzizkoena badakizuela eta saiatzeko prest egongo zarela ziur nago.


Iñaki Rubio

Iñaki Rubio

Iñaki Rubio Aspiazu naiz, 67 urtekoa, erretiratua, 40 urtez delineante lanetan aritu ondoren. Bitxikeria gisa aipatu nahi dut 40 urterekin euskarazko hitzik ere ez nekiela eta, Santutxuko Gau-Eskolan izena emanda, zazpi urte geroago euskaraz aritzeko eta solasaldiak izateko gai banintzela. 15 urtez Iberdrola Elkarte Mikologikoaren zuzendaritza-kidea izan nintzen; erretiratu nintzenean utzi egin nuen. 5 urtez Bizkaiko Federazio Mikologikoaren idazkari ere aritu naiz. 1999. urtean, beste bost lagunekin batera, Santutxuko “Cantharellus” Elkarte Mikologikoa sortu nuen eta une honetan lehendakaria naiz. Erretiratu nintzenetik argazkilaritza digitala da hartu dudan beste zaletasunetako bat. Batez ere zizak, landareak, loreak, zuhaitzak eta zuhaixkak dira jasotzen ditudanak, baina, batzuetan, gaian oso-oso jantzia ez naizenez, arazo handiak izaten ditut basoan hartu ditudan irudi guztiei izena emateko. Bestetik, sukaldaritza ere oso gogoko dut eta, hain zuzen ere, mikologiaren munduan buru-belarri nabilenez , txosten batean 250 errezeta bildu ditut gure bazkide eta lagunen artean banatzeko. Argi utzi nahi dut neuk jasotako materialaren ikerlan edo bilduma dela, inolaz ere neuk asmatutako edo sortutako errezetena. Orain, denbora gehiago dudanez, etxean nagoenean, zizaz hornitutako platerak prestatzen aritzen naiz, nahiz eta emazteak dena zikintzen dudala esaten didan. Mendizalea eta ingurunearekiko errespetu osoz jokatzearen aldekoa naizenez, gure bazter eta inguru guztiak ondo zaintzeak zer nolako garrantzia duen adierazten saiatzen naiz uneoro bai familia giroan, bai lagun eta adiskideen artean. Naturaz benetan gozatzea, berau maitatzea, errespetatzea eta babestea da eman dezakedan aholkurik onena eta horrela joka dezazuen animatzen zaituztet.


Iñaki Pikabea

Iñaki Pikabea

Iñaki Pikabeak sukaldaritza ikasketak burutu zituen Donostiako Luis Irizar sukaldaritza eskolan 1992tik 1994ra. Ikasle zelarik, Hotel Londresek antolatutako eskolarteko sukaldaritza lehiaketan parte hartzeko aukeratua izan zen, eta baita irabazle suertatu ere Jon Eizagirrerekin bat osatutako bikotean. Sukaldaritza praktikak jatetxe askotan egin zituen, Arzak eta Bodegon Alejandro eta Pariseko Le Clovis jatetxeetan besteak beste. Behin sukaldaritza ikasketak bukatuta, Euskal Herriko jatetxe desberdinetan lan egiteko aukera izan zuen: Akelarre, Urepel, Matteo eta Trinkete Borda. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Argetinako Euskal Etxeek elkarlanean antolatutako “Euskal Sukaldaritza astean” parte hartu zuen Necotxean (Argentina), Gipuzkoako sukaldaritzaren izenean. 1996an Berako Zalain jatetxean hasi zen lanean, eta bertan pasa zituen 5 urte. Sasoi honetan, sukaldaritza ikastaroak eman zituen Bortzirietako herrietan eta TTipi telebistan kolaborazioak egiten hasi zen astero. 2000.urtean Zubiondo jatetxearen sorreran lagundu zuen eta sukaldeko arduradun nagusi izan zen. 2001ean, Etxalarren ireki zuen bere jatetxea, Etxalarko Herriko Ostatua, iaz arte, berriz Zalain jatetxean hasi zela. 2004an sukaldaritza ikastaroak eman zituen Udako Euskal Unibertsitatean (Iruñea). Gaur egun, kolaborazioak egiten ditu Euskal Herriko zenbait hedabiderekin: Ttipi-Ttapa telebista, Euskal Herria Irratia eta Euskadi Irratia, Faktoria saioan.