Laburpena:
“Inork ez luke galtzetan pixa eginda hil nahi. Biluzik hiltzea baino okerragoa da hori, duintasun izpirik gabe. Nik, nola hil nahi dudan galdetzen didatenean, lore moreak dituen soinekoa jantzita erantzuten dut. Daukadan politena da.”
Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da aulki-jokoa: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia.
Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia … gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.
“Baina ez da erraza ezezagunak maitatzea. Are gutxiago ezezagun hori tripan badaramazu. Nik ez nekien sabelean neramanari nola hitz egin, ez nekien zer izen zuen, nor zen. Baina banekien maitatu egin behar nuela, laztanak egin behar nizkiola, eta egunen batean besoetan hartu beharko nuela.
Ez dakit gainerako emakumeek nori hitz egiten dioten haurdun daudenean, esan nahi dut, hitz egiten dioten horri aurpegirik jartzen ote dioten, susmoa dudan arren emakume haurdunek beren buruei hitz egiten dietela eta haurra beren buruak maitatzeko aitzakia baino ez dela izaten. Kalean ere ikusten baititut, ume jaioberriak bularraren kontra estu-estu hartuta, noizbait izan ziren haurra indarrez besarkatuz. Baina esan nahi dut, eskuak sabelean pausatu eta berriketan hasten direnean, nor imajinatzen duten beste aldean. Neskatoa imajinatzen duten, ala mutikoa bestela. Edo zer abstraktu bati hitz egiteko gai ote diren, sabelean daramatenari batere aurpegirik eman gabe, etorkizun lauso bati maite-maite egiteko gai.
Nik ezin bainion aurpegirik jarri, eta kezkatu egiten ninduen horrek. Ezagutuko al nuen jaiotzen zenean?”



