Kaixo lagunok!
Hilabete baino gehiago da “Zergatik ez?” saio hura egin genuela eta, esan bezala, beste
hiru saio egiteko asmoa daukagu. Topagunekoekin batera hiru saio horien diseinuan
ibili gara eta gabiltza oraindik ere. Lehenengoa dagoeneko nahiko lotuta daukagu,
baita hiruretarako datak zehaztuta ere eta horren berri ematera gatozkizue oraingoan.

Aurreko saioak bi egunetan banatu genituen, ostiral eta larunbatean. Hemendik
aurrerakoak saio bakarrekoak izango dira, eta ahalik eta jende gehienak posible izan
dezan, larunbatetan izango dira. Hauek dira data zehatzak zuen agendetan apunta
ditzazuen: urtarrilaren 28a, otsailaren 25a eta martxoaren 10a. Hiru ordukoak izango
dira saio hauek: 10etan hasi eta 13:30ak arte, hamaiketakorako tartetxo bat eginda.

Zer da saio hauetan jorratu nahi duguna? Norbanako moduan egin ahal dugunaz gain,
zer egin dezakegun elkar hartuta. Norbanakoaren planotik komunitaterako saltoa egin
nahi dugu eta denon artean hori Basauriko egoerara nola egokitu erabaki.

Urtarrilaren 28ko saioaren lehen zatian Oskar Zapatak gaia bideratzeko elkartegintza
eta beste hainbat konturi buruzko sarrera egingo digu eta bigarren zatian, baita otsaila
eta martxoko saioetan ere, prozesu parte-hartzaile eta dinamiko batean murgilduko
gara. Guzti horretarako Topaguneko lagunen laguntza eta gidaritza izango dugu.

Saioak ganoraz prestatzeko zenbat lagun egongo garen jakitea garrantzitsua da
guretzat; beraz, animatuko bazina euskarabila@topagunea.com helbidera mezu bat
bidaltzea nahiko.

Amaitzeko, honekin batera euskararen eguna zela eta durangarrek Berriara bidalitako
iritzi artikulu bat
bidaltzen dizuegu gogorik izanez gero irakur dezazuen. Durango eta
Basauriren arteko aldea nabarmena bada ere mezua noranahiko egokia dela uste dugu
eta baliagarria izango zaigu gogoetarako.

Urte berri on!

EUSKARABILA EUSKALDUNON ELKARTEA