Aurreko mezuan esan genizuen bezala, aurtengo BASAURIN BE BAGARA ospatzeko ideia aurkeztera gatozkizue. Orain artekoetatik oso, oso desberdina izango da; beraz, adi irakurri!
Aurten, erronka bat hartzea proposatuko diegu basauriar guztiei, banaka edo taldeka, erabilera sustatzeko asmoz,. Erronka bat, bai, bakoitzak bere neurrikoa, txiki-txikia ala ahalegin handiagoa eskatzen duena. Adibideak nahi dituzue?
- Erosketa zerrenda gaztelaniaz egiteko ohitura duzu? HORRA ZURE ERRONKA!
- Oso irratizaleak zarete, baina ez duzue irratia euskaraz entzuten? HORRA ZURE ERRONKA!
- Facebooken idatzi, asko, baina beti gaztelaniaz? HORRA ZURE ERRONKA!
- Jende aurrean egiten duzue lan eta bezeroak gaztelaniaz agurtzen dituzue? HORRA ZUEN ERRONKA!
- Zure komertzioko kartelak gaztelaniaz dituzu? HORRA ZURE ERRONKA!
- BERRIA irakurtzea zaila dela entzun duzu? HORRA ZURE ERRONKA!
- Tabernariari gaztelaniaz, badaezpada? HORRA ZURE ERRONKA!
- Entrenatzailea euskalduna da eta gaztelaniaz egiten dituzue entrenamenduak? HORRA ZUEN ERRONKA!
- Seme-alabei euskaraz, baina zuen artean gaztelaniaz aritzen zarete? HORRA ZUEN ERRONKA!
- Lagun euskaldunekin gaztelaniaz egiteko ohitura duzu? HORRA ZURE ERRONKA!
Esan bezala, bakoitzak ikusiko du erronkaren langa non jarri: hobe da helburu txiki eta lorgarria izatea, erronka ponposo eta beteko ez duguna izatea baino. Esate baterako, lagun euskaldunekin euskaraz egitea erabakitzen badugu, aukera dezagun hasteko errazena izango zaigun laguna edo lagunak (elkarrizketa arinagoak direlako, konfiantza handiagoa dugulako, bakarka egoten garelako, …) edota aukera ditzagun momentuak edota jar diezaiogun epea (gutxienez ordu erdi, ordubete,…).
Erronkak azaroan eramango ditugu aurrera eta, Udalak Social Antzokia erabiltzeko baimena emanez gero, abenduaren 4an ekitaldi ederra egingo dugu bertan. Gorde ezazue arratsaldea, sorpresak izango dira eta!
Ekimenaren berri sare sozialetan zabaltzeko:
- Graba ezazue erronkan lortu nahi duzuena bideo labur batean eta Euskarabilara bidali edo zuek zeuek igo sare sozialetan.
- Edo bidali zure/zuen argazkia eta erronkaren deskribapen laburra.
- Edo erronka bakarrik lau hitzetan kontatuta.
Animatu, bazkideok funtsezkoak izango baikara gainerakoak anima daitezen!
BASAURIN BE BAGARA! eta horixe frogatuko dugu azaroan hainbat lagunek hartuko
ditugun erronken bidez!
