Ba al dakizu zenbat euskaldun garen Basaurin? Kalean, tabernetan, dendetan entzuten denari erreparatuz gero, banaka batzuk garela uste izango duzu zeuk ere, baina oker gaude: asko eta asko gara, baina gehienetan isolatuta sentitzen gara, ezin dugulako geure herrian euskaraz bizi.

Egin dezagun historia pixka bat…

Euskarabila sortu aurretik bazegoen euskararen alde zebilen talde bat: BBT, Basauri Berreuskalduntzeko Taldea. Hor sortu zen arestian aipatutako kezka, testuinguruak lagunduta, jakina: 80 hamarkadan euskara elkarteak sortzen hasi ziren, Txepetxen Un futuro para nuestro pasado argitaratua zegoen, bazegoen Janzten aldizkaria,… Guzti horretatik gu ere janzten hasi ginen, eta, ahoz aho jende askorekin gure gogoeta partekatu ondoren, soziolinguistika jardunaldi batzuk antolatu ziren 1995ean, beste herrietako esperientziak ezagutu, Txepetxen teoriaren oinarriez jantzi eta Basauriko egoera eta beharrez jarduteko. Jardunaldi horietan jende pilo bat elkartu ginen eta aurrera egitea erabaki genuen. Hortik etorri ziren hurrengo pausoak: jende ezagun multzo baten argazkia, bazkidetza kanpaina, elkartearen izena eta logoa, lantaldeak osatu edo perfilatu, zuzendaritza, … eta elkartearen sorrera ekitaldia.

1996ko otsailaren 3an egin genuen sortzeko Batzar Nagusia eta astebete geroago jendaurreko aurkezpen ekitaldia, Ibaigane Kultur Etxean, Basauri bertako azken euskaldunei omenaldia eginez, hizkuntzaren katea apur ez dadin egindako ahaleginagatik geure esker ona adierazteko.

Ekitaldi hartara, beste zenbait elkarte eta erakunde ere gonbidatu genituen (Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza, Basauriko Udala, AED Elkartea…), Euskarabila Elkartearen sorreraren lekuko eta sustatzaile izan zitezen.

Kontuak atera badituzu, ohartuko zinen 2016an elkartearen XX. urteurrena ospatuko dugula, hasierako asmo eta helburuei tinko eusten diegularik: Basaurin eguneroko bizitzan, euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatzeko euskaldun guztion bilgune izango den elkartea izatea, adin, lanbide, ideologia, kolore zein gizarte-esparru guztietako euskaldunona, alegia.

Horixe da gure erronka eta gure ametsa: errealitate egin dezagun denok elkarrekin!

G

E   IN/ DEZAGUN ELKARREKIN!

K   

 

Egin klik argazkietan jatorrizko tamainan ikusteko:

bazkideak

bazkide gazteak