Euskarabilan, beste askok bezala, Sustraiak Fundazioaren berri komunikabideetatik jaso genuen. Informazio horren arabera, Fundazioaren helburu nagusietako bat Basaurin euskara bultzatzea eta normalizazioa lortzea omen da.

Jakina denez, Euskarabila Elkartean ere urteak daramatzagu horren aldeko lanetan, eta une honetan euskararen normalizazioaren esparruan hainbat elkarte elkarren ondoan, baina elkarren berri izan gabe egoteak kezka eta ardura sorrarazi digu.

Orain arte, elkarlana izan da gure jardunaren ardatzetako bat, udalarekikoa zein euskalgintzarekikoa, eta horretan saiatu gara ahal izan dugun guztietan; gainera, argi izan dugu euskararen aldeko ekinbidean erakunde eta elkarte bakoitzak zein funtzio eta zeregin betetzen duen.

Horrexegatik, hain zuzen, Fundazioak zein eginkizun eta esparrutan aritzeko asmoa duen argitu nahian gabiltza, gure inguruan euskarak bizi duen egoera ikusita Basaurin ematen den lehia irudiak hizkuntzaren normalizazioaren kontrako ondorioak eragiten dituela uste baitugu.

Honez gain, Basauriko Udalak Sustraiak Fundazioan duen ardura ikusita, orain arteko udalaren jarduna euskararen inguruko beste elkarteekiko harremana zertan aldatzen den ere argitu nahi genuke. Are gehiago, Udalak 2010erako aurreikusita dituen 490.000 eurotatik 373.000€ Sustraiak Fundaziora bideratuko dituela irakurri ondoren, alkatearen ahotan.

Guzti hau dela eta, ezinbesteko ikusi genuen otsailean egindako batzar orokorrean, bai Udalarekin, bai Sustraiak Fundazioarekin elkartu eta bilera bana egitea aipatutako zalantza eta kezkak argitzeko. Halaxe egin genien eskaria martxoan batari zein besteari eta, gaur da eguna, erantzunik ere jaso ez duguna, nahiz eta eskaria maiatzan errepikatu.

Otsailean informazio faltagatik kezkatuta bageunden, nola egon behar ote dugu orain? Zer adierazten du erantzun ere ez egiteak? Axolagabekeria? Errespetu falta? Herriari zertan dabiltzan ezkutatu nahia? Non dago euskara bultzatu eta normalizazioa lortu nahi hori?

Erantzuna edozein izanik ere, guk gure aldetik, elkarrizketa eta elkarlana ezinbesteko ikusten jarraitzen dugu eta horretan saiatuko gara etengabe. Basauriko euskararen egoeraren onerako txarto ulertuak lehenbailehen argitzea espero dugu.